XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina zeinentzat da boto-kopurua legitimitatearen euskarri, aldez aurretik legitimitatearen euskarri baliozkotzat boto-kopuru horixe onartu dutenentzat ez bada?.

Hauteskundeak ez dira interes- eta indar-partiketa bat erabakitzeko metodo egoki samarra baizik.

Inkesta bat dira, indar errepresentatuaren indize-balio soila dute.

Ez dute ezer legitimatzen, berez.

Bai, onartua dago, indar horrek edo errepresentazio horrek, sozialki balio legitimitzailea ere baduela gero, baina hori ez da sistema horrek positiboki bere buruarentzat eta bere barnerako ezarri araua besterik.

Indar-modu batzuek legitimatu egiten dutela, Konstituzioak oinarritu du (eta oso modu desberdinetan: Monarkia, Armadako graduak, diputatuak...).

Konstituzio berak erabaki du, beste indar-modu batzuek ez omen dutela legitimatzen.

Baina indar horiek ez lehen eta ez orain egon izan bait dira legitimazioa Konstituziotik etortzearen zain!.

Konstituzioa bera da, hain zuzen, indar horien aurrean lehenengo legitimatu beharko litzatekeena.

Indarren problema da, beraz.

Ez dago, makiabelikoak garela, pentsatu beharrik: hain zuzen, arau gabeko indar hutsari, indarraren arauketa bat aurkitzea besterik ez omen da biziera sozialaren sustraia, politikaren teoriko klasikoenek errepikatu izan dutenez.

Indartsuagoa bere indarraren arauketa (Konstituzioa) inposatuz hasi denean, ordea, ez dauka zentzurik, arauketa haren edo handik deribaturiko formulen izenean, legitimitate-arazoak planteatzeak.

Problema ez da legitimitatearena (edo: legitimitatearen problemarik baldin badago, aurren-aurrenik Konstituzioarena da).

Problema soluzio duin bat aurkitzeko borondatearena da.